XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hegazkin baten eredu edo maketa.

JOSTAILUGINTZA Maketagintzan trebatu zaretelarik, gai ote zarete orain zuentzako edo zeuen senideentzako jostailuren bat asmatzeko eta egiteko?.

Egina dagoena erosi eta irentsi gabe, zeuok eginiko jostailua ez ote da interesgarriago izango?.

Ea ba! Jostailu-asmatzaile bihurtuko zarete.

Bestalde, Gabon jaietan, Olentzaro dela eta, ohitura da opariak egiteko eta jasotzeko.

Antolatuko al dugu, zeuk eginiko jostailuak ideiaren aldeko kanpainaren bat geure artean? Zer deritzozue?.

Eta geure jostailua seriez fabrikatzen badugu? Eta geure jostailua egiteko kit-ak prestatzen baditugu?.

MAKETAGINTZA

Maketagintza oso hedatua dagoen hobby edo asti-egintza dugu, gaur egun.

Pertsona askok pazientzia handiz ematen dituzte beren asti-orduak, gazteluen, eraikuntza famatuen, aintzinako automobilen, trenen, itsasuntzien,... eredu txikiak, hau da, miniaturak egiten.

Artegintza honetan trebatzen hasteko, eskulanetako edo jostailuetako dendetan aurkituko dituzue, era honetako maketak egiteko behar den materialea edo kit-a.

Bertan ematen dira planuak eta muntaia egiteko behar diren ohar guztiak.

Funtzionatzen duten maketen artean, aeromodelismoa edo hegazkingintza dugu arlo berezia.

Benetan hegaz egiten duten hegazkin txikiak egin daitezke, beren gasolinazko motore eta guzti.

Gainera, elektronikazko aurrerapenei esker, irrati-uhinen bidez urrunera gida daitezke.

Itsasuntziei dagokienez ere, benetan nabiga dezaketen ereduak egiten dira, gasolinaz zein motore elektrikoz bultzatuak eta urrunera gidatuak.